2011-11-21

membrillo lantegia 01: ideia/bolumen orokorra



Proiektuarekin hasteko, entrega hontarako eskatu zitzaiguna sekzio baten bidez edo lanerako maketa bat erabiliz proiektuak izango zuen hasierako ideia bat ematea zen, bolumen orokor bat definitzea.

Banakako lehen entrega hontarako, nituen ideiak elkartu eta proiektu moduan aurkezten saiatu nintzen ebaketa baten bidez. Ez nintzen oso gustora geratu emaitzarekin...

Proiektuak bi atal nagusi dauzka:
Alde batetik lantegia, herriko tradizioari lotua, membrilloari alegia.
Bestetik etxebizitzak, lantegia martxan jarriko duten jende berria ekarriko dutenak.
Tartean membrilloa saltzeko denda-taberna txikia geratuko litzateke, bien arteko lotura ezarriz.


Eraikinaren kokalekua puntu esanguratsu batean dago: Mendozako gizarte etxea eta bolatokia dauden herri erdiko plazan eta herrirako 2. mailako sarrera baten ondoan. Eraikinak plaza osatu eta herrirako sarrera hau aprobetxatu beharko luke. Hontaz gain, gizarte etxearekin espazio berri bat sortuko litzateke merendero moduan erabiliko nuena. Bertako bistak ere nahiko onak dira eta hauetara irekia izan beharko luke.

Lantegia bolumen handiko gune bat izango da, beharbada gune ezberdinak izango ditu, baina jarraia izango da. Harrizko prisma trinko bat izango da, herriko etxe gehienek duten itsura imitatuz.
Etxebizitzak honen gainean joango dira, geroago txertatutako gehigarri batzuk bailiran, gainontzeko etxeetan gehigarri moduan eraikitzen diren biltegiak balira bezala.


Klasean, inguruko baliabideak erabiltzeaz hitz egin zen, hau eraikina ingurunearekiko jasangarriagoa egiten duelarik. Gainera, baserrietako siloak aprobetxatuz egindako etxebizitza proposamen batzuk ikusi genituen. Hemendik abiatuta eta Forondako aireportuarekiko gertutasuna kontuan hartuz, hegazkin baten fuselajea birziklatu eta eraikinaren egitura gisa erabiltzea bururatu zitzaidan. Aireportutik pasatzen ziren hegazkinen artean, handiena aukeratu nuen eta honen planoak lortu nituen, Antonov 225 - Mirya izenekoa. Modu honetan egindako proiektu baten adibideren bat ere aurkitu nuen.

Hegazkinaren pare bat zati hartuta gelak jartzeko azken solairua osatuko nuen eta hauek harrizko karga horma batzuen gainean eutsita egongo ziren, aldi berean etxebizitza ezberdinak banatzeko balioko zuten karga hormak.


Azkenik, guztiari nolabaiteko batasun bat emango zion material batez estali nahi nuen eta horretarako mimbrea aukeratu nuen. Material honek inguruko zelaietan dagoen gariaren antzekotasun handia dauka eta gainera malgutasun handia du forma desberdinetara moldatzeko aukerarekin. Hegazkinaren egitura honekin estaltzea neukan pentsatuta eta beheko solairuan antzeko forma bat errepikatzea.

Emaitza honelako zerbait izango litzateke:



2011-11-07

Mendoza: herri proiektua

Aurrekoan aipatu bezala, bertako produktuak sustatzea dugu helburu, herriak hauei etekin handiagoa atera eta nolabaiteko interesa duen aktibitate bat sortzeko jende gehiago erakarriz.

Inguruetan lantzen diren lehengaiak patata, erremolatxa, garia eta garagarra dira gehien bat, baina bertan egon ginenean etxe askotako patioetan irasagar (membrillo) zuhaitzak ere bazituztela ikusi genuen.
Lehengai hauek landuz produktu ugari ekoiztu daitezke: garagardoa, patata frijituak, vodka... Guri produktu ezberdinak erlazionatuko zituzten aktibitateak aukeratzea iruditu zitzaigun interesgarriena, horregatik, garitik ateratako irina eta erremolatxa azukrea aprobetxatuz, reposteria eskola bat jartzea erabaki genuen. Bestalde, herriko membrilloak aprobetxatuz eta erremolatxa azukrea erabiliz, membrillo lantegi bat jartzea ere erabaki genuen.
Aktibitate hauetan oinarrituz, proiektu posibleak izango ziren eraikinak lau multzo eta gunetan banatu gnituen:

  1. Gune industriala: azukre eta irinarentzat lantegia, ekialdean kokatuta, errekatik beste aldera eta errepide ondoan irisgarritasun hobea izateko.
  2. Reposteria eskola eta honi lotutako aktibitateak (ikasle egoitza, jantokia, denda...): dorretxe aurreko zelaian dago, herriko puntu klabean, herrirako sarrera nagusia eta lantegiarekiko gertutasuna aprobetxatuz.
  3. Membrillo lantegia eta langileentzako etxebizitzak: herriaren erdigunean jarri dugu; bolatoki, egoitza-sozial eta gune publikoa osatuz eta herriko sarrera peatonalaren ondoan.
  4. Baserritarrentzako etxebizitza eta biltegiak: mendebaldean kokatuta, herri bukaerako hutsunea betez eta landa-lurrekoko hurbiltasuna aprobetxatuz.
Hurrengo pausoa lana banatzea zen. Interesgarrienak iruditu zitzaizkigun guneak aukeratuz, Eñautek 2.a eta nik 3.a egingo genituela erabaki genuen.


Tipologia aldetik, altura baxuko eraikinak izango ziren, inoiz ez bi solairu baino altuagoak eta material nagusiak harria edo zura izatea genuen pentsatuta, landa-lur inguruko herrietara ondo egokituko zirelakoan. Proiektuekin aurrera egin ahala erabaki hauek aldatzeko aukera izango genuen, antzeko tipologiak zituzten eraikinak proiektatuz edo bakoitzak bere aldetik joaz, hala ere, hauek dira adibide modura erabiltzeko bilatu genituen eraikin batzuk: