2012-12-13

conversaciones con Alvar Aalto


Nire proiekturako erreferentzia bila, liburutegitik pasa nintzen aurrekoan aspaldiko partez. Gustavo Gili argitaletxeko liburu txiki bat gomendatu zidaten, izenburutzat arkitektoaren izena duena. Nahi gabe, beste liburu hau aurkitu nuen, “Conversaciones con Alvar Aalto” izenekoa eta editorial berdinekoa dena. Juhani Pallasmaak idatzia da eta aurreko urtean, hautazko asignatura baterako lan bat zela eta, arkitekto honen hitzaldi batera joan nintzen ondoren bere liburuetako bati buruzko lana egiteko.

Juhani Pallasma arkitektoa baino gehiago idazle edo kritikoa da eta liburu ugari idatzi ditu. Finlandiarra da, Aalto bezala eta arkitekturak pertsonengan sentimenduak pizteko erreminta dela defendatzen dute biek. Liburuan Alvar Aaltori egindako elkarrizketa pare bati buruzko bere ikuspegia ematen du, bere obraren interpretazio bat emanez.
Izan ere, Aalto arkitekto isila bezala aurkezten digu, bere pentsaera obren bitartez adieraztea hitzez baino nahiago duela esaten baitu. Niri ordea, hanka sartzeko edo bere ospea dela eta sor dezakeen efektuaren beldurrez, esaten duen guztia denbora luzez hausnartzen duen pertsona iruditzen zait. Inpresio hori eman dit, eskainitako elkarrizketak aurretik prestatuak zeudela dionean edota zenbait galderei zeharka erantzuteko moduagatik, inor ez haserretzeko gehiegi busti gabe bezala.

Gaur egun funtzionalismoak hartu duen zentzua kritikatzen du eta arkitekturak gizakian zentratu beharko lukeela aipatzen du, prozesu “biodinamiko” bat izan behar duela dio. Bestalde, funtzionalismoa muturrera eramaten du kontuan hartu beharreko arloen artean psikologia ere kontuan hartuz eta hasieran aipatzen nituen Pallasmaren sentimenduen arkitekturari buruzko ideiekin bat eginez. Honela, bere obretan aurkituko ditugun zenbait jokaera ulergarriagoak egingo zaizkigu funtzionalitate horren erabileran, bilatzen duena nolabaiteko sentimendu bat piztea dela kontuan hartzen badugu.

Nik uste arkitekto Finlandiar hauei arrazoirik ez zaiela falta gaur egungo arkitektura, formari gehiegizko garrantzia emateagatik, giza eskalatik urruntzen ari dela diotenean. Hortaz, kontuan hartzeko modukoa iruditzen zait liburuak aztertzen duen Alvar Aaltoren mugimendu modernoaren ikuspegia, ea hemendik aurrera ideia hauek nire proiektuekin bateratzeko gai naizen.


2012-11-26

La Charité: proiektuaren planteamendua

Marseilla 2013, urrunegia ez zaigun fikziozko errealitate batean.
Krisiaren testuinguruan, gobernutik hartutako erabaki txarrak eta hiriaren kultur hiriburutzaren porrotaren ostean, politikarien aurkako herritarren altxamendua gertatzen da.


Gertakari hauei erantzunez, eraikin mota berri bat sortzen da: Politikari Hezkuntzarako Internamendu Zentroa (Centre de Détention de Rééducation Politique). Honen helburua ez da politikari berriak sortzea, daudenekin nahikoa baitugu, lehendik zeudenak heztea herritarrekin kontaktua berreskura dezaten. Horretarako, eraikina guztiz gardena izango da, Gran Hermano baten moduan, herritarrek politikariak beren egunerokotasunean ezagutu ahal izateko. Aldi berean, politikariek beren egonaldia jasan beharko duen auzoarentzat zenbait ekimen antolatu beharko dituzte ordainetan.

Hiru hilabete inguruko egonaldiak izango dira, ikasi ezean, luzapenerako aukera egonez. Hautagaien bozka internet bidez egin liteke oraindik zehaztear dudan kopuruko politikari gorrotatuenen zerrenda bat osatuz.

Eraikinaren oinarria hitzaldi edo eztabaidarako gunea izango da. Guztiz irekia izango da, edonoren parte-hartzea ahalbidetzeko eta politikariak ez dira ohiko moduan palestra batera igoko goitik herritarrei artalde batentzat ariko balira bezala hitz egiteko. Herritarrak izango dira goian egongo direnak, zezen plaza bateko harmailetan egongo balira bezala, aurrean izango dutena hitzez edo hoberen iruditzen zaien bezala epaitzeko.

Eraikinaren gainontzeko programa honen arabera antolatuko da.

PROGRAMA:
- Eztabaida aretoa: hemen izango dira lehen aipatutako hitzaldiak eta esaten dena entzuleen gustukoa izan ezean, "paredoi" moduan ere erabil liteke.
- Ikasgelak: politikariek klaseak jasoko dituzten gelak. Nahi izan ezkero beste ikasle batzuk jasotzeko aukera ere egongo da hemen, edo libre dagoenean auzoan antolatzen diren bestelako ikasgaiak antolatzekoa.
- Bulegoak: Politikariak kalearekin harremanetan lan egingo dute (literalki).
- Erabilera anitzeko espazioa: Bertan gauzatuko dira antolatutako ekimen ezberdinak; merkatua, bazkari herrikoiak edota saskibaloi partidak besteak beste.
- Egongela, jangela eta sukaldea: Herritarrek bertara sartzeko aukera izango dute, politikariekin garagardo batzuk hartu eta futbol partiduak ikusteko adibidez, elkarren arteko harremanak hobetzeko.
- Logela eta komunak: Hauek ere gardenak izango dira, lo egiteko itxi daitezkeen pertsianak eta inork ikusi nahi ez dituen gune konkretu batzuk izan ezik.
- Baratza: Politikariek beren soldata irabazteko aukera izango dute hemen, eurek landatutako merkatuan salduz. Gainera, hemen bildutako produktuek hitzaldietarako munizio moduan ere erabil litezke.


2012-11-16

Dropbox-eko karpeta


Hemen dropbox-eko karpetaren helbidea:


https://www.dropbox.com/sh/p88md3kau3xb9ui/RzpPj_NM9s

Bertan bidaian ateratako argazkiak, autocadeko planta pixkat txukunduta eta altxaerak ere badaude. Baita bestela aurkitutako informazioa ere, adibidez Vieille Charité-ren oinplanta.

Txoritokia egin behar degun toki inguruko argazkiak ere bertan jarriko ditugu.

2012-11-13

La Charité: orubearekin lanean

"Charité"ren proiektuaren lenengo pauso bezala orubea eta inguruarekin hasi gara lanean. Bidaiako argazkiak eta internet bidez aurki dezakegunarekin, gaur egungo espazio horren planta zehatzago bat eta proiektua txertatzeko baliagarri izango zaizkigun altxaerak marraztu ditugu.



2012-10-31

HOW MUCH DOES YOUR BUILDING WEIGH, MR. FOSTER?



Duela urte pare bat Donostiako zinemaldian egon zen pelikula hau ikusteko gogoz geratu nintzen. Interneten bilatu nuen baina ezin izan nuen aurkitu.
Orain dela aste pare bat telebistan bota zuten (tve2), baina berriz ere galdu egin nuen.
Hala ere, azkenean ikusea lortu dut eta beste norbait ni bezala ibili bada, hemen uzten diot Norman Foster arkitektoaren bizi eta lanen inguruko dokumentala ikusteko aukera:

http://www.rtve.es/alacarta/videos/el-documental/documental-cuanto-pesa-edificio-mrfoster/1556864/

2012-10-17

ur gaineko marsella: proiektua atalez atal


Proiektuak bere kokapena aprobetxatu nahi du, Marsellako portuan. Honela, itsasoarekin harreman zuzena duen hiria izanik, honekin lotuak dauden jarduerak jorratuko dira: ontzigintza eta arrantza.

kokapena
Bisitariak bere eskuekin eraiki ahal izango duen eraikina izango da, hortaz, bizirik egongo da eta etengabe hazten eta eraldatzen ariko da. Palet baten neurria oinarritzat hartuta, nahi adina errepikatuko diren modulutan banatuta egongo da.

Moduluak, arrantzarekin erlazioa duen toki batean erraz eskura daitezkeen material berrerabiliez eginak egongo dira (ahal den heinean) eta eskuz eraiki ahal izango dira eraikinean bertan irakatsiko den moduan.

Esate baterako, eraikina flotagarri egiteko, arrantzarako erabiltzen diren nasatan inspiratutako flotagailu batzuk egingo dira. Horretarako, garai batean sareak eskuz nola josten ziren ikasi beharko da.
Ondoren, nasa hauek plastikozko botilaz beteko dira erabilitako materialen berrerabilpena bultzatuz.


flotagailua

Forjatu moduan, arrantza portuetan erraz aurki daitezkeen PALETak erabiliko dira. Hauek lokailu batzuen bitartez lotuz modulua osatuko da. Lokailu hauetan altzairuzko zutabeak sartzeko aukera egongo da bigarren solairu bat egin edo beste erabilera bat sortzeko.

erabiliko diren PALET-ak 
Lokailua eta zutabeak

modulo basikoa


Ondoren, sistema bera erabiliz eta konbinaketa ezberdinen bidez, gure eraikinerako elementu ezberdinak sor daitezke:

eskailerak

eserlekuak
harmailak

baranda

esku-eskailera
benetako adibide bat




Elementu hauek erabiliz, erabilera ezberdin ugari izan ditzaketen plataforma ezberdinak sor litezke, ondorengoa adibidez:
1.- Informazio gunea
2.- Eszenatokia
3.- Harmailak
4.- Tailerrak
5.- Arrantzalekua/Piszina
6.- Begiratokia

2012-10-09

txoritokia: lehen urratsak

Txoritokia kokatzeko guneari begira, okupatu gabeko espazioen bila abiatu ginen, oraindik erabili gabe dagoenari erabilera berria gehitzeko. Orokorrean, eremua dagoeneko nahiko saturatua dagoela iruditu zitzaigun, bi salbuespenekin: klasean aipatutako "rotonda" eta ontziralekua inguratzen duten harresiak.

Izan ere, harresi natural zein artifizialez inguratuta dago eta hauei nolabaiteko erabilera gehitzea okurritu zitzaigun. Garabia eta hormaren artean muga batzuk ezarriz, txoritokiarentzako espazioa sor genezake eta aldi berean, hasiera batean erabilerarik gabe zegoen horma hori kolonizatu.


Hortaz, bi espazio hauek bateratuko dituen gunean kokatuko genuke garabia, bien arteko lotura sortuz beheko irudian ikusten den moduan. 


 Tokia apur bat gehiago aztertu ondoren eta garabiaren neurriak kontuan hartuta, oraindik aukera gehiago ematen zituela konturatu ginen. Izan ere, harresiaren inguruan, ibilbide bat dago guk aukeratutako tokiari begira bukatzen dena. Gertakari hau eta garabiaren altura aprobetxatuz, ibilbide horri jarraipena emango diogu garabiaren barrurantz.
 






Honela, hiru dira gure txoritokiak inbaditu eta kolonizatuko dituen guneak:





Apur bat haratago joanez eta eraikinak izango duen formari buruz pentsatzen hasita, aukera ezberdinetatik bat izan da gehien gustatu zaiguna: hiperboloidea.
Plataforma horizontala garabiarekin lotzeko, kable batzuk erabiliz, biak konekta genitzake. Oinarria zirkularra izanik, zilindro moduko bat osatuko luke. Plataforma horizontal horretan txoriak bizitzeko gune bat sortzeko asmoa genuen, nolabaiteko berdegune bat. Ba lehen aipatutako zilindroaren muturretako bat apur bat biratuz, kableak zuzen joan beharrean zeharka joango dira eta zilindroaren erdian estugune bat sortuko da.
Egia esan irudiz hitzez baino hobe azal daiteke irudi bitartez:





Honela txorien mikro-ekosistema hori giza aktibitatetik apur bat bereiztea lortzen dugu. Ondoren jana toki batean edo bestean jarriz txoriek bisitarien eremua zeharkatzea lor liteke txoriak ikuskatzeko aukera emanez.





























2012-09-24

ur gaineko marsella: programaren zehaztea

Aukeratutako aktibitatea: ontzigintza

Marsellari buruz informazioa bildu ondoren eta ikusitako pelikulak motibatuta, gai moduan ontzgintza hartzea erabaki dut, hiriarekin lotura estua duen ekintza dela iruditu zaidalako.

Ikastetxe ezberdinetako ikasleak, gaiari buruz ikasten eta honi buruzko tailerretan lanean arituko ziren. Ontzigintzaren inguruan, ekintzak honela gauzatuko ziren gutxi gorabehera:

1. FASEA: EZAGUTZEA/INFORMATZEA
- Gaiari buruzko informazio panelak
- Ontzigileek emandako hitzaldiak
- Pelikulen ikuskatzea
- ...

2. FASEA: LANTZEA/SORTZEA
Teknika desberdinak ikasiz ontzi atalak sortzea.
- Saregintza
- "Bela" josketa
- Birziklapena eta ingurugiroaren zaintze konzientziatzea
- Arrantza
- ...

3. FASEA: DIBULGATZEA/ERAKUSKETA
Sortutako zati ezberdinak elkartuz espazio berri baten sorkuntza aktibitate berrietarako.
- Arrantza merkatua
- Esposaketak
- Kontzertuak
- ...


Hau honela gauzatzeko, ERAIKIN BALDINTZAK honakoak lirateke:

- Eraikinaren zatiak modularrak izan beharko dira.
- Moduluak elkarrekin akoplagarriak izan beharko dira.
- Flotagarriak izan beharko dute, noski.
- Eraikitze modua erraza izan beharko du, ikasleek eraikitzeko modukoa.


lehen marrazkiak

2012-09-23

Les neiges du Kilimandjaro

Proiektuetako blogean jarrita ikusi nuenean ezin izan nion pelikula hau ikusteari utzi, zinea baino gehiago pelikulak ikustea gustatzen baitzait (frantsesez bada ere).

Marsellari buruzko hasierako ideia bat egiteko ez dago gaizki, egia esan beste zerbait espero nuen, hiri erraldoi eta multikultural bat, baina hemengo kostaldeko herri ontzigile handi baten itxura gehiago hartu diot, beharbada filmaren ikuspegi umila dela eta, ez dakit.



Pelikulari dagokionean, gustatu zait. Diru gehiegirik gabe, ikuslea pelikulan sartzea lortzen duela iruditu zait. Beharbada gehiago pentsatzen jarrita, gertakari arraro pare bat ikusiko ditugu edo trama nagusikoak ez diren aspekturen bat gehiago garatzeko gogoz geratuko gara, baina orokorrean gustora geratu nintzen pelikularekin. Oso ondo girotua dagoela iruditu zitzaidan eta aktoreak ere beren paperetan ondo sartuak ikusi nituen.

Pelikula gomendagarria, niretzat ez behin baino gehiagotan ikusteko horietakoa, baina orokorrean oso ondo dago.

ur gaineko marsella: programa

Aurreko klasean, taldeka bilduta programa zehazten hasteko eskatu zitzaigun.
Oso ondo nondik hasi jakin gabe, Marsella 2013ko programari begira hasi ginen. Badirudi antolaturiko ekintza gehienak kanpotarrak bertara iritsi, ikuskizunen bat ikusi eta alde egiteko antolatuta daudela, Marsellako hiriari edo bertako kulturaren hedapenari inolako ekarpenik egin gabe (ekonomikoaz gain, noski).

Horregatik, gure eraikin flotatzaileak inguruari nolabaiteko ekarpen bat egitea komeni litzakeela iruditu zitzaigun, ikuskizun edo emanaldiak antolatzeko espazio soil bat izan gabe. Kultura kontsumo produktu hutsa izan beharrean, sormena bultzatzeko balio lezakeen gune bat izan zitekeela okurritu zitzaigun. Gainera, eraikin flotagarria dela aprobetxatuz, herri batetik bestera mugi zitezkeen tailer batzuk antola genitzake ondoren emaitza bezala bildu eta erakusketa espazio handiago bat osatuko zutenak.

Esandakoa hiru pauso edo faseren bidez antola liteke:

(klasean egindako eskema)

2012-09-18

ikasturte berria

Berriz ere hemen.
Oporrak alde batera utzi eta lanera itzultzeko garaia iritxi da.
Blog berdina, irakasgai berdina, proiektu berriak... Marsella.
Ea aurtengoa zer moduz doan...