2012-02-29

kutxi28: maketaren entrega

Proiektua zuzendu ondoren, azken momentuko zenbait aldaketa egin behar izan nituen, baina azkenean lortu nuen maketa bukatzea. Egur listoiak banatu, kola arrastoak lijatu, tamaina berrietara egokitzeko moztu, hautsitakoak ordezkatu eta dena berriz itsatsi. Bukatzerako ezin izan nituen kola arrastoak guztiz kendu eta makilen luzeerak ez zidan espero bezain ondo koinziditu baina tira, emaitzarekin nahiko gustora geratu nintzen. Neurriak ondo hartuta zeuden eta kartoizo plataformak kola erabiltzeko beharrik gabe sartzen ziren zutabeen artean.


Erabilerarekiko aldaketa nagusia plataforma mugikorren kokapenean dago, plataforma hauek gutxi gorabehera lehengo berdinak izango baitira baina albo batera mugituta. Honela, alboetan geratzen diren plataforma finkoen tamaina aldatuko da, tamaina ezberdinetako espazioak sortuz. Alde batean zabalak eta bestean estuagoak dira aktibitate ezberdinetara egokitzeko. 
          planta
Aldaketa honekin batera, solairuen eskalonamendua ere aldatu nuen, zabalagoak ziren plataformek altura handiagoa izan zezaten. Hortaz, alde bakoitzeko solairu kopurua ezberdina izango zen, behe solairuaz gain, alde estuan hiru solairu geratuko dira eta alde zabalean bi besterik ez. Aktibitateetan aukera ezberdinak izateko ere laguntzen du honek.

          Ezker eta eskuin ebaketak
Azken momentuko aldaketa estalkian egin nuen, argiaren sarrera hobetzeko baina inguruarekin hautsi gabe. Hasieran urak kale aldean biltzen ziren, baina honela argia ekialdetik sartzen zen soilik. Horregatik, estalkiaren zentzua aldatu nuen eguzki argia hegoaldetik sar zedin. Aldaketa honekin ordea, alde zaharreko etxeen estetikarekin apurtzen nuen, etxe hauek kalde aldera baitute estalki malda. Azkenean tarteko zerbait egitea erabaki nuen, aurreko aukeren konbinazio bat. Era honetan euri urak kale aldera eroriko ziren baina hegoaldeko eguzkitzapena aprobetxatuz.

          estalkia
Ondorengo argazkietan solairuek onartzen dituzten konfigurazio posible batzuk ikus daitezke, askoz gehiago izan badaitezke ere, noski:

          konfigurazio ezberdinak
Hemen maketaren beste argazki batzuk egitura gertuagotik ikustea ahalbidetzen dutenak:

          detaileak

Amaitzeko, maketaren bideo labur bat uzten dut, plataformen mugimendua ikusten dena:


2012-02-20

kutxi28: egitura-eraikina

Paperezko elementuek ez ninduten guztiz konbentzitu. Elementu banatzaileak eusteko, egitura nagusi bat beharko litzateke partzela bertikalean garatu ahal izateko. Ez zitzaidan oso zentzuzkoa iruditu sistema bat erabiltzea egitura finko bat egiteko eta beste bat banatzaile malgu batzuk egiteko bien arteko erlaziorik gabe.

Horregatik, beste bide batzuk aztertzea erabaki nuen. Kasu honetan, egiturari garrantzi handiagoa emanez eta bai egitura zein banatzaile moduan lan egin dezaketen elementuak erabiltzea erabaki nuen, paper modukoak izan beharrean, zurrunagoak izan litezkeen elementuak erabiliz.

Lehenengo kasu honetan, bata bestearen barruan dauden kubo batzuen bidez sortzen dira espazioak. Hutsuneak hauen arteko tarteetan sortzen dira edo egitura zabaltzen denean, kubo bakoitzaren barnean geratzen diren guneak erabiliko dira. Honela, espazio desberdinak lortuko ditugu erabilera desberdinetarako erabil daitezkenak.
Aurreko adibideak ez zuela aukera gehiegirik ematen iruditu zitzaidan. Beste ideia bat, egitura finko horizontal bat jarri eta gainean bandeja moduko elementu batzuk tartekatzea litzateke. Elementu hauek konbinatuz edo beren artean hutsuneak sortuz, mota ezberdinetako guneak lortuko genituzke:
Ez zitzaidan ideia txarra iruditu, aukera asko ematen zituelako espazio ezberdinak sortzeko. Hala ere, zenbait zailtasun ere planteatzen zituen, esate baterako komunikazio elementuetan. Nire asmoa elementu aldakor horietako bat ere eskailerak izatea bazen, zaila izango zen egiturari eta bandeja moduko elementuei hauek ondo egokitzea batzuetan jarri eta besteetan kendu behar baziren.

Eskailerak modu finko batean mantentzekotan ordea, beste sistema bat egokiagoa iruditu zitzaidan. Komunikazio bertikalak alboetako bi mehelinen kontra jarritako andamio moduko batzuen bidez emango ziren. Horretarako, luzeera osoan egitura bertikal bat jartzea pentsatu nueen, eta eskailerak bi alboetan jartzea. Honela, erdian tarte zabal bat geldituko zen. Tarte horretan, gora eta behera mugi zitezkeen bandeja moduko elementuak egongo ziren: txikiak, modulatuak eta mugikorrak. Era honetan beharraren araberako tamaina izango zuten espazioak sortzeko aukera egongo zen, erabilera askotarako aukera emanez:

Azkenean, gaiari horrenbeste buelta eman eta gero, azken aukera hoenen antzeko bat aukeratu nuen. Eskailerak bi alboetan jartzea gehiegizkoa iruditu zitzaidan eta gainera, aktibitate gehienek gutxieneko zerbitzu gune bat beharko zutela konturatu nintzen, hau da, tokitik mugituko ez zen gune finko minimo bat, aldakorra izango ez zena.

Hortaz, eskailerak fondoan jartzera pasa nituen eta mehelinen ondoko bi alboak, instalazio gune bezala erabiliko nituen. Solairuak altura-erdizka antolatuak egongo ziren eskaileretatik alde batetik bestera pasaz. Tartean noski, lehen aipatutako bandeja moduko horiek egongo ziren, espazio handiagoak behar direnean gorantz mugitu eta egitura nagusian eutsiko zirenak. Bandeja hauen beharrik ez egonez gero, sotoan sartuta geratuko ziren, antzoki bateko fosoa balitz bezala. Emaitza honelako zerbait izan zen:


2012-02-18

kutxi28: papiroflexia

Proiektua "makina-bizi" baten moduan dago planteatuta, etengabeko aldaketak jasan ditzakeena. Gainera, maketa moduan entregatu behar izanak, eskulan moduko kutsu bat ematen dio. Horregatik, papiroflexia moduko irtenbide bat ematea egokia iruditu zitzaidan.

Honela, behar den momentuan atera eta jaso litezkeen elementu batzuk izango ditugu; espazio banatzaile, estalki edo bestelako zerbaiterako erabil genitzakenak. Gainera, jasotakotakoan okupatuko luketen espazioa minimoa izango litzake.
Paperarekin egindako honelako elementu ezberdin asko egin daitezke. Bat aukeratu besterik ez dago eta eraikinean zehar banatu daiteke behar den momentuan erabiltzeko honako adibidean bezala:
Honen inguruan askoz gehiago iker badaiteke ere eta joko asko eman balezake ere, sistema hau ez zait guztiz gustatzen, estalki edo banatzaile moduan erabil badaiteke ere, ez dut uste solairu forjatuak eraikitzeko balio duenik, hortaz, solairuak eraiki beharko lirateke eta gero elementuak hauen gainean jarri. Ezin da proiektua era bateratu batean eraiki.

Azkenik, norbaitek gaiaren inguruko interesa balu, Paul Jacksonen Técnicas de plegado para diseñadores y arquitectos liburua gomendatuko nioke. Bertan hasierako irudian ikusten diren forma guzti horiek nola egin era erraz eta ulerkor batean daude adierazita.

2012-02-14

kutxi28: bolo-bolo

Gasteizen egon ondoren, orubeari buruzko zeozer gehiago jakiteko gogoz geratu nintzen. Kutxin bizitako lagunen bati galdetu nion ea zerbait bazekien edo zerbait jakin zezakeen norbait ezagutzen zuen. Bide horretatik ez nuen gauza handirik lortu, baina udan alde zaharrekoek zine moduko bat bertan antolatzen zutela esan zidaten.

Interneten begira hasi nintzen ea zineari buruzko zerbait aurkitzen nuen (zinema gasteiz, cuchilleria 28, kutxi...). Interesgarria iruditu zitzaidan artikulu bat aurkitu nuen arte.

Badirudi alde-zaharrak komunitate zentzua nahiko garatua duela eta auzolanean lan egiteak funzionatzen duela bertan. Ekintza ugari antolatu izan dituzte, horietako bat BOLO-BOLO izena eman zioten bolatokia.

Laburki azalduz, erabilerarik ez zuen alde-zaharreko partzela huts batean sartu ziren eta ordura arte zabortegi moduan erabiltzen zena garbitu eta erabilera bat ematen saiatu ziren. Adin guztietako jendea inplikatu zen eta gure proiektuan bezala, erabilera anitzetarako espazio bat sortzea zuten helburu:

- Aipatutako zinema aire librean.
- Bolatokia.
- Banku batzuk izango zituen biltzeko gunea.
- Alboetako fatxadak mural batzuk egiteko aprobetxatzea.
- Abesbatzarentzako eszenatoki izatea.
- Ikasleentzako baratza ekologikoak era pedagogikoan antolatzea.
- ...

Badirudi udaletxea proiektu honekin guztiz ados ez dagoela, partzela berriz isten saiatu baitziren. Hala ere alde zaharrekoek ez dute amore ematen. Hona hemen interneten aurkitutako zenbait argazki:


Ekimenari buruzko informazio gehiena, bideo batzuk eta egunkarietan agertutako artikuluetarako linkak blog honetan aurki ditzakezue:
http://lagenterula.wordpress.com/2010/07/02/el-barrio-ya-tiene-su-bolera-bolo-bolo-ya-esta-en-marcha-un-nuevo-motivo-para-estar-zaharraz-harro/

2012-02-07

kutxi28: hutsunea bizituz

Proiektu berria hasi dugu, hutsunea bizituz deituko dioguna.
Hiru baldintza nagusi ezarri dira:
1.- 24 orduz egon behar du funtzionamenduan eta irikia.
2.- Tokiko biztanleen arteko interakzioa bultzatzea.
3.- Erbilera anitzetatako espazioak sortu behar dira, aldi berean erabili daitezkenak, baina erabilera konkretu bat izan gabe.
Proiektua hilabete batean eta maketa bidez landuko da.

Kokapena Gasteizko tabernaz beteriko "kutxi" kale famatuko 28. zenbakian jarri digute.

Bertara egin genuen txangotik alde zaharreko giroaz gain ez genuen informazio askorik eskuratu, baina argazki batzuk atera genituen eta partzelaren neurriekin geratzeko balio izan zidan, izan ere, uste baino altuagoak iruditu zitzaizkidan partzela bi alboetan mugatzen duten etxeak.


Atzeko aldean geratzen den patioari ere argazki batzuk ateratzeko aukera izan genuen, hesi batez mugatua bazegoen ere. Ez zitzaidan oso erakargarria iruditu...

Lurrean enbor batzuk aurkitu genituen botata... bolatoki bat? geroago interneten bilatuta aurkitu nuen honen zergaitia...

2012-02-04

planeta kargatzen...


Kontrolik gabe eraikitzea arazo bat da, eta horren adibide dira pobrezian bizi diren zenbait herretan aurki daitezkeen txabolaz beteriko auzoak. Denak pilatuta eraikitzen dira, askotan airea eta argiarentzat tokirik ere uzten ez dutela eta argindarra ordaintzeko dirurik ez badute, ilunpetan bizitzera behartuta izaten dira.

Argi litro bat (liter of light) izeneko erakundeak martxan jarritako proposamenak, bereziki merke, sinple eta eraginkorra den proposamena sustatu du Filipinetan. Lejia piskatekin nahasutako urez betetako plastikozko botilak erabiliz, argia eraman nahi dute egoera honetan dauden milioika etxebizitzetara.
Ondorengo bideoan ikusiko duzue nola:



Hau bai dela arkitektura bioklimatikoa!