2012-12-13

conversaciones con Alvar Aalto


Nire proiekturako erreferentzia bila, liburutegitik pasa nintzen aurrekoan aspaldiko partez. Gustavo Gili argitaletxeko liburu txiki bat gomendatu zidaten, izenburutzat arkitektoaren izena duena. Nahi gabe, beste liburu hau aurkitu nuen, “Conversaciones con Alvar Aalto” izenekoa eta editorial berdinekoa dena. Juhani Pallasmaak idatzia da eta aurreko urtean, hautazko asignatura baterako lan bat zela eta, arkitekto honen hitzaldi batera joan nintzen ondoren bere liburuetako bati buruzko lana egiteko.

Juhani Pallasma arkitektoa baino gehiago idazle edo kritikoa da eta liburu ugari idatzi ditu. Finlandiarra da, Aalto bezala eta arkitekturak pertsonengan sentimenduak pizteko erreminta dela defendatzen dute biek. Liburuan Alvar Aaltori egindako elkarrizketa pare bati buruzko bere ikuspegia ematen du, bere obraren interpretazio bat emanez.
Izan ere, Aalto arkitekto isila bezala aurkezten digu, bere pentsaera obren bitartez adieraztea hitzez baino nahiago duela esaten baitu. Niri ordea, hanka sartzeko edo bere ospea dela eta sor dezakeen efektuaren beldurrez, esaten duen guztia denbora luzez hausnartzen duen pertsona iruditzen zait. Inpresio hori eman dit, eskainitako elkarrizketak aurretik prestatuak zeudela dionean edota zenbait galderei zeharka erantzuteko moduagatik, inor ez haserretzeko gehiegi busti gabe bezala.

Gaur egun funtzionalismoak hartu duen zentzua kritikatzen du eta arkitekturak gizakian zentratu beharko lukeela aipatzen du, prozesu “biodinamiko” bat izan behar duela dio. Bestalde, funtzionalismoa muturrera eramaten du kontuan hartu beharreko arloen artean psikologia ere kontuan hartuz eta hasieran aipatzen nituen Pallasmaren sentimenduen arkitekturari buruzko ideiekin bat eginez. Honela, bere obretan aurkituko ditugun zenbait jokaera ulergarriagoak egingo zaizkigu funtzionalitate horren erabileran, bilatzen duena nolabaiteko sentimendu bat piztea dela kontuan hartzen badugu.

Nik uste arkitekto Finlandiar hauei arrazoirik ez zaiela falta gaur egungo arkitektura, formari gehiegizko garrantzia emateagatik, giza eskalatik urruntzen ari dela diotenean. Hortaz, kontuan hartzeko modukoa iruditzen zait liburuak aztertzen duen Alvar Aaltoren mugimendu modernoaren ikuspegia, ea hemendik aurrera ideia hauek nire proiektuekin bateratzeko gai naizen.