2012-02-20

kutxi28: egitura-eraikina

Paperezko elementuek ez ninduten guztiz konbentzitu. Elementu banatzaileak eusteko, egitura nagusi bat beharko litzateke partzela bertikalean garatu ahal izateko. Ez zitzaidan oso zentzuzkoa iruditu sistema bat erabiltzea egitura finko bat egiteko eta beste bat banatzaile malgu batzuk egiteko bien arteko erlaziorik gabe.

Horregatik, beste bide batzuk aztertzea erabaki nuen. Kasu honetan, egiturari garrantzi handiagoa emanez eta bai egitura zein banatzaile moduan lan egin dezaketen elementuak erabiltzea erabaki nuen, paper modukoak izan beharrean, zurrunagoak izan litezkeen elementuak erabiliz.

Lehenengo kasu honetan, bata bestearen barruan dauden kubo batzuen bidez sortzen dira espazioak. Hutsuneak hauen arteko tarteetan sortzen dira edo egitura zabaltzen denean, kubo bakoitzaren barnean geratzen diren guneak erabiliko dira. Honela, espazio desberdinak lortuko ditugu erabilera desberdinetarako erabil daitezkenak.
Aurreko adibideak ez zuela aukera gehiegirik ematen iruditu zitzaidan. Beste ideia bat, egitura finko horizontal bat jarri eta gainean bandeja moduko elementu batzuk tartekatzea litzateke. Elementu hauek konbinatuz edo beren artean hutsuneak sortuz, mota ezberdinetako guneak lortuko genituzke:
Ez zitzaidan ideia txarra iruditu, aukera asko ematen zituelako espazio ezberdinak sortzeko. Hala ere, zenbait zailtasun ere planteatzen zituen, esate baterako komunikazio elementuetan. Nire asmoa elementu aldakor horietako bat ere eskailerak izatea bazen, zaila izango zen egiturari eta bandeja moduko elementuei hauek ondo egokitzea batzuetan jarri eta besteetan kendu behar baziren.

Eskailerak modu finko batean mantentzekotan ordea, beste sistema bat egokiagoa iruditu zitzaidan. Komunikazio bertikalak alboetako bi mehelinen kontra jarritako andamio moduko batzuen bidez emango ziren. Horretarako, luzeera osoan egitura bertikal bat jartzea pentsatu nueen, eta eskailerak bi alboetan jartzea. Honela, erdian tarte zabal bat geldituko zen. Tarte horretan, gora eta behera mugi zitezkeen bandeja moduko elementuak egongo ziren: txikiak, modulatuak eta mugikorrak. Era honetan beharraren araberako tamaina izango zuten espazioak sortzeko aukera egongo zen, erabilera askotarako aukera emanez:

Azkenean, gaiari horrenbeste buelta eman eta gero, azken aukera hoenen antzeko bat aukeratu nuen. Eskailerak bi alboetan jartzea gehiegizkoa iruditu zitzaidan eta gainera, aktibitate gehienek gutxieneko zerbitzu gune bat beharko zutela konturatu nintzen, hau da, tokitik mugituko ez zen gune finko minimo bat, aldakorra izango ez zena.

Hortaz, eskailerak fondoan jartzera pasa nituen eta mehelinen ondoko bi alboak, instalazio gune bezala erabiliko nituen. Solairuak altura-erdizka antolatuak egongo ziren eskaileretatik alde batetik bestera pasaz. Tartean noski, lehen aipatutako bandeja moduko horiek egongo ziren, espazio handiagoak behar direnean gorantz mugitu eta egitura nagusian eutsiko zirenak. Bandeja hauen beharrik ez egonez gero, sotoan sartuta geratuko ziren, antzoki bateko fosoa balitz bezala. Emaitza honelako zerbait izan zen:


No hay comentarios:

Publicar un comentario