2011-10-26

bajo el cielo de berlin

"observar no es mirar hacia abajo, sino al nivel de los ojos"

Der Himmel über Berlin da pelikula alemaniar honen berezko izena, baina Les ailes du désir izena jarri zioten frantsesez eta horregatik, peliculasyonkis-en bilatzen baduzue, Las alas del deseo izenpean aurkituko duzue, bestela ez baitu ematen ikusteko aukerarik.

Uste dut ikusi duenak nirekin bat egingo duela oso pelikula berezia dela esaten dudanean, irakurri dudanaren arabera, erdi inprobisatuta filmatu baitzen. Win Wenders zuzendariak aingeruei buruzko pelikula bat egin nahi zuen eta bere lagun Peter Handkeri gidoi bat asmatzeko eskatu zionean, honek bakarizketa solte batzuk besterik ez zizkion eman filmatzen hasteko. Honela, era kaotiko xamar batean filmatutako sekuentzia solte batzuk grabatzea lortu zuten, gehienetan hitzik gabekoak baina geroago voz en off esaten dena gehitu zitzaiena.

Berlineko biztanleen artean bizi diren aingeru batzuei buruzko pelikula da, jenderen bizimodua aztertuz hilezkortasunean bizi direnak, baina inork beren presentzia somatu gabe. Aingeruetako bat, Damiel, ezin sentitzeaz nazkatuta uko egiten dio hilezkortasunari gizon bihurtzeko. Honela, Marion izeneko emakume bat ezagutzen du eta hontaz maitemintzen da.

Berezitasunekin jarraituz, hau ere irudiaren garrantzia asko zaintzen duen pelikula dela esan beharra dago, aingeruen begirada hotza irudikatzen duten txuribeltzezko eszenak koloretazkoekin nahasten dituelako besteak beste. Gainera, Peter Falk (Colombo!!!) aktorea agertzen da, bere burua interpretatuz, gure protagonistak baino lehen bide berdina egin duen aingeru baten paperean.

Pelikulak gogora ekarri dit proiektoseko blogean jarritako Jan Gehl-en bideoa, non giza eskalara gehiago hurbildu behar garela esaten duen. Esan daiteke ikuspuntu horren metafora moduko bat egiten duela eta hasierako txuribeltzezko eszena aereo hoietatik kale mailako kolorezko mundu batetara pasatzen dela bertakoek sentitzen dutena benetan ulertzeko.

Bixenteren klasetako arkitektoaren irudia
Bueno, amaitzeko Jean Nouvelen eraikin bat aipatu nahiko nuke. Entzuna nuen arkitekto honengan zineak eragina izan duela, baina ez nuen uste horren ebidentea izango zenik. Honako hau Zlatý Anděl (Urrezko Aingerua) Pragan dagoen eraikina da, 2001ekoa. Fatxadari arretaz begiratzen badiozue, pelikulako portada den aingeruaren irudia duela ikusiko duzue.
Zlatý Anděl

No hay comentarios:

Publicar un comentario