2011-10-21

terrenoarekin kontaktuan

3 herrietako bat (martioda)

Proiektuarekin lehen kontaktu bat izateko ordua iritxi zen, eta zein ingurutan lan egin beharko genuen jakin ondoren (gure kasuan Mendoza, Martioda edo Forondan) hara joan ginen egunpasa bertako giroa ezagutzera. Proiektuari buruzko gauza handirik jakin gabe joan ginen, herriak nolabait berraktibatu behar genituela eta haien arteko eta Gasteizekiko loturak landu beharko genituelako ideiarekin soilik. Desinformazio honen helburua aurrez eginiko ideia batekin ez joetea eta bertan dagoenan oinarritzea izango zela imajinatzen dut. Bestalde, zer kontuan hartu eta gure lehen azterketak zertan zentratu beharko genituen jakitea ere zailtzen zuen.

Hala ere, zeozer prestatuta joan ginen hara, denbora zeozertan aprobetxatzeko asmoz edo: argazki kamera pare bat, herriei buruzko informazio apur bat eta bertako jendeari egiteko galdera orokor batzuk prestatu genituen. Interesgarria iruditu zitzaidan bertakoek beren herriaz duten ikuspegia, gertuagoko ikuspegi bat ematen dizula iruditzen zait. Askotan, proiektatzen dugunean, jendea eraikinera helikopteroz hurbildu beharko balitz bezala egiten dugu, airetik oso ikuspegi erakargarria duten eraikinak eginez baina bertan ibiliko den jendea batere kontuan hartu gabe. Horregatik da interesgarria bertakoekin hitz egitea, liburutegi batean edo interneten aurkituko ez duzun informazio eta sentsazioak lor daitezkelako:

Foronda: Jauntxo batzuen menpe egondako herria da, bertan, dirua ez zuenak, dirua zuen norbaitentzat lan egiten zuen. Gero familia aberats horiek herritik alde egin zuten eta herria nahiko abandonatuta geratu zen. Aireportu bat eraiki zuten ondoan euskal herriko garrantzitsuena izango zelakoan, baina geroago loiukoa eraiki zen eta badirudi aldaketa hau herritarrei ez zitzaiela gehiegi gustatu. Gaur egun inguruko lurrak lantzen jarraitzen badira ere, kanpoko norbaitenak dira eta herriak ez du hauetatik etekinik ateratzen. Entrebistatu genuen bikotea Gasteizen bizi da, bere gurasoak bertakoak ziren eta asteburuetan batez ere bertara gerturatzen dira beren anai-arrebekin konpartitzen duten etxera. Erabiltzen ez den etxebizitza monumental asko dago herrian.

Mendoza: Bisitatu genuen lehen etxetik bota egin gintuzten, konturatu gabe esparru pribatuan sartu ginelako, izan ere, muga partzelarioak ez daude oso ondo zehaztuta. Herrian hiru urte zeramatzan Errioxako bikote bat entrebistatu genuen egunero kotxea hartu behar izaten zuena inguruetara lanera joateko. Herritarren bataz besteko adina uste bezain altua ez zela esan ziguten, bertara bizitzera etorritako familia berriak baitaude. Askok inguruko lurrak landuz lan egiten zuten. Mendozako dorretxea da herriko eraikinik aipagarriena, berrituta dagoena baina helbarrituentzat adaptatzeko dirurik ez izateagatik itxita dagoena. Honen aurrean aurkitzen den zubi erromatar txiki bat ere aipatu zigun bikoteak.

Martioda: Oso biztanle gutxiko herritxoa da, beharbada horregatik elkarrizketatzeko kale-txakur bat besterik ez genuen aurkitu. Badirudi nahiko abandonaturik dagoela, behintzat hori da egoera txarrean dagoen dorretxeak ematen duen itsura. Inguruko ikuspegi ederrak dauzka eta badirudi pegote moduan erantxitako etxetxo batzuen bitartez herriari bizia emateko alferrikako saiakera bat egin dela. Mendozan bezala, lurrak lantzeko tresneria bistan zuten etxe inguruetan eta biltegiak hauei eraintsita.

Orokorrean, hiru herriak landa lurrez inguraturik daude patata, erremolatxa, garia eta garagarra lantzen dira. Hontaz gain, gure arreta deitu zuten irasagar (membrillo) zuhaitz ugari aurkitu genituen ere.
Elkarrizketetatik, hiru herrietan errepikatzen zen iritzi orokor bat atera genuen: inork ez zuela ezer aldatu nahi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario